Jean Barbier: ipuinak
Meza
misteriozkoa
Jean
Barbier
Gure
Herria, lehen urtea-6, 1921eko errearoa,
347
or.
Légendes
du Pays Basque d’après la tradition, Librairie Delagrave, 1931,
page 124
Goizaldera,
gau batez, goraxago den oihanetik ohartu ziren artzain batzu, argi
bat bazela Salbatoreko elizan. Ondoko gauean, tenore berean, argi
berari ohartu zitzaizkon berriz artzainak, eta hala hala gero aste
oso batez. Laztura batek hartu zituen, eta jadanik aiphu zuten
bazka-tokiz behar zirela aldaratu.
Bainan,
toki gizenaren uzteak ere dolu egiten, eta elgarri erranez hasi
ziren, ikusi behar zutela lehenik argi hura zer othe ziteken. Etxolan
bethi begiratzen zuten ur benedikatuarekin ongi zeinaturik,
arrosarioak bainan ere makila azkar bat eskuan, abiatu ziren beraz
guziak batean, goizalde batez. Argia laster ikusi zuten bethi bezala,
eta heien zakur artzainorrek gibelerat egin zuten, erausi eta
erausika. Ez gutiago izituak, artzainak hurbildu ziren bizkitartean,
eskuak elgarri emanik, orok bat egiteko. Ikaran beraz, nehor ez
deusik atzeman gabe bidean, heltzen dira elizara, eta bethi bezala
hetsia kausitzen dute.
Poliki
poliki, hetarik bat menturatzen da gako xilotik behatzera, eta
mututurik gelditzen da. Haren lagunek behatzen dute harek bezala, eta
harrituak daude hek ere. Aldareko argiak phizturik, mezaren emaiteko
soinekoak soinean, aphez bat bazen han xutik, aldarearen oinetan.
Artzainek
harrabots zerbait eginik athean, gibelerat behatu zuen aphezak, eta
gero, berehala ithoka bezala, hasi zuen bere meza : « Introibo
ad altare Dei ». Eta artzainetarik batek, jakin ere kasik
gabe zer erraiten zuen, kanpotik ihardetsi zion, ahalik eta
hobekiena. Eta gero, artzainek « Et cum spiritu tuo »
edo « Amen » ihardesten ziotela bethi, aphezak
segitu eta akabatu zuen bere meza, eta ez artzainek nahi baino
lasterrago.
Noizbait
meza akabatu zenean, apheza itzuli zen atheari buruz, eta
begitarte-begiak lorietan, oihu batean erran zuen : « O !
milesker, arima onak, nor ere baitzaizte !
Hoinbertze urthe hautan beha nindagon, meza hau erran beharrez zeruan
sartzeko ! Nehor ez zen hemen sekula, niri ihardesteko !
Milesker berriz ere ! Ez zituztet zerutik ahantziko ».
Eta hainbertzenarekin, suntsitu zen apheza.
Sekulako
bildotxak izan zituzten, urthe hartan, gure artzainek. Baina, ez toki
hetan beretan. Bazkaz aldaratu ziren biharamunean berean.
Salbatoreko
ganderailua
Jean
Barbier
Gure
Herria, lehen urtea-6, 1921eko errearoa,
347
or.
Légendes
du Pays Basque d’après la tradition, Librairie Delagrave, 1931,
page 126
Orai
aspaldi, duela zortzi bederatzi ehun urthe, Lohibarriaz eta
Mikelaberroaz bertze etxerik ez omen zen Mendiben. Lohibarreko
muthila joan zen, egun batez, Galharbeko potxara, behi batzuen
ondotik. Harat hunat zabilalarik, harpe batean ikusten du Basa andere
bat, orai Salbatoreko elizan den ganderailua garbiturik, urrezko
orraze batekin orraztatzen ari zela.
Iguzkiak
bezala dirdiratzen ere zuelakotz, ganderailua galdatzen dio muthilak
Basa andereari. Basa andereak ezetz. Bainan, azkenean, othoizka eta
othoizka luzaz arizan ondoan, gainderailu ederra eskuratzen du
muthilak, eta badoa. Basa anderea laster ohartzen da muthilak
Salbatorekotzat edeki diola ganderailua eta elizarat buruz doala.
Oihu garrasiaka abiatzen zaio ondotik, eta hainbertzenarekin Basa
jauna agertzen da gain batean, jauzika heldu hura ere.
Muthilak
jadanik bere buruaz etsitua zuen, noiz eta ere leherturik heltzen
baita Salbatorerat, eta oihuka hasten : « Jon Doni
Salbatore, zuretzat nuen, othoi urrikal zakizkit ! »
Eta berehala, bere baitarik jo eta jo hasten da Salbatoreko zeinua.
Basa anderea eta Basa jauna gelditu ziren kolpez orduan berean, eta
Basa jaunak egin zion muthilari : « Baliatzen
zauk, segur, joare tzar hori jo eta eman baita !… Bainan,
barurik lehenbiziko aldian atzemaiten hautalarik, gomak hihauri ! »
Handik
zonbait egunen buruan, muthila berriz badoa mendira, bezperan ogi
joiten arizanik. Bat batean, bihurgune batean, jalitzen zaio Basa
jauna. Harritzen da muthikoa, eta bere buruari hazka emaiten, harenak
egina duela oraikoan ; eta bezperaz geroztik buruan kokatuak,
erhien artean kausitzen ditu hiruzpalau ogi bihi. Krak, ahoan
emaiten ditu, baruraren hausteko, eta… Basa jauna itzali zen eta
sekula gehiago ez agertu. Bainan muthila sekulan gehiago ez da
barurik igan mendirat.
Lohibarreko
muthilak, erran bezala egin zuen ganderailuaz. Salbatoreko elizarat
ereman zuen, eta han ikus ditake egungo egunean oraino. Bainan ez da
lehen bezen eder, segurki ! Españolek eliza bi aldiz errerik,
beltz beltza egin da eta beltz beltza egon. Mendibiarrek nahi izan
zuten orduan herrirat ereman. Bainan, Haritz Kurutxateko lephotik
beherago ezin ereman ahal zuten egundaino. Bi behi parekin,
lauzkatuz, bermatu ziren, eta behin baino gehiagotan ; beti
debaldetan…, eta geroztik han dago, bethi Salbatoreko elizan, eta
han egonen ere bethi.
Gonzalo Etxebarria: Paseiun 2. |
Xaindia
Jean
Barbier
Gure
Herria, lehen urtea-7,
1921eko uztaila, 425 or.
Légendes
du Pays Basque d’après la tradition, Librairie Delagrave, 1931,
page 126-127
Arrats
batez, orain duela aspaldi, Inhurrian ari ziren artho
xuritzen. Bat batian, ohartzen da muthila haitzurrotxa landan ahantzi
duela; eta tresna haren beharretan ere delakotz arthien errekatzeko,
oihu egiten du «hamar sos eman lezozkela, gogotik,
haitzurrotxaren ekarzaileari».
Etxeko
sehiak, —neskatxa gazte gazte batek— diruaren gatik, erraiten dio
berehala «joanen dela hura bilha», eta badoa.
Neskatxe kanporat orduko, bere hamar sosekoaren doluz, urrikitzen
zaio muthilari, eta bere khexuan, sakreta hasirik, erraiten
du: «Debruak ereman balez bederen !»
Hainbertzenarekin,
oihu garrasia bat entzuten dute urrunera, eta handik ixtanteko,
Inhurriako ximinearen ondoan, — ez gorago— airean hartua eta
eremana iragaiten da neskatxa dohakabe gaixoa. Eta han iragaitean,
ezkaratzera arthikitzen du haitzurrotxa erranez : « Horra
zuen haitzurrotxa ! Nere diru gosearen gatik, ni, orai, izpiritu
gaixtoak hartua naiz eta airean eremana... »
Inhurriko
jende guziak, eta heiekin auzoak oro eman ziren, oihuka, haur
gaixoaren segi. Hatsantuak, joan ziren hola Larzabaleaino, eta han
gelditu, leher eginak oro. Bainan Larzabalen, Larzabaldarrak eman
ziren, beren aldian, haur gaztea segitu beharrez.
Eta
haurra bazoan bethi aintzina, bethi airean eremana, eta hola heldu
izan zen Mendibetik haratago, Salbatoreko parrera. Eliza sainduari
oharturik, oihuz eman zen : «Jon Doni Salbatore, urrikal
zakizkit, othoi ! » Eta hitz horiek erran orduko, lurrera
jautsi zen eztiki eztiki, izpiritu gaixtotik libratua…
Gonzalo Etxebarria: Jentea, 2016. |
Commentaires
Enregistrer un commentaire